2019(e)ko apirilaren 15(a), astelehena

JON ARRETXE, XX. IRAKURKETA PUBLIKOAREN IDAZLE GONBIDATUA

         Basauri, 1963.

Jatorriz bizkaitarra bada ere, Gasteizen bizi izan da 15 urtetan, eta 2004tik hona Nafarroan bizi da, Arbizun.

Heziketa fisikoan lizentziatu zen eta Euskal Filologian doktorea da. Musika arloari dagokionez, Pianoko ikasketak Bilboko Kontserbatorioan egin zituen, eta Kantukoak Gasteizko eta Bilboko kontserbatorioetan.

Euskara irakaslea izan zen hamar urtez Deustuko Unibertsitateko Euskal Irakaslegoan eta Heziketa Fisikoa irakatsi zuen hiu urtez EHUn, Gasteizko Irakasle-Eskolan. Lan hari utzi eta azken urteotan idaztetik bizi da. Osagarri gisa bere bidaia nahiz liburuei buruzko hitzaldiak ematen ditu eta opera kantatzen du. Bilboko eta Iruñeko opera koruetan kantatzen du, eta bakarlari gisa ere aritzen da.

1991n argitaratu zuen lehen liburua, Hakuna matata. Geroago, Basauriko euskararen gaineko ikerkuntza kaleratu zuen. Eleberri beltza, bidaia-literatura eta umorea jorratu izan ditu batez ere, 20 liburutik gora ditu argitaratuak eta horietatiko asko beste hizkuntzetara itzuli dituzte (gehienbat gaztelerara).

Azken obra esanguratsuenetako bat 7 kolore liburuaren berrargitalpen berezia da. 2010ean kaleratu zuen Erein argitaletxeak, hitza, musika eta irudia uztartuta: atal bakoitzari koloreak eta marrazkiak erantsi zizkion Cristina Fernández ilustratzaileak eta Francisco Ibañez konpositoreak zazpi kanta sortu zituen piano eta ahotserako, interprete hauek dauzkatelarik: Iñaki Belasko pianojolea, Olatz Saitua sopranoa, Enrique Campos tenorea eta Jon Arretxe baxua.

Berari buruzko informazio gehiago:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina