2019(e)ko apirilaren 15(a), astelehena

JON ARRETXE, XX. IRAKURKETA PUBLIKOAREN IDAZLE GONBIDATUA

         Basauri, 1963.

Jatorriz bizkaitarra bada ere, Gasteizen bizi izan da 15 urtetan, eta 2004tik hona Nafarroan bizi da, Arbizun.

Heziketa fisikoan lizentziatu zen eta Euskal Filologian doktorea da. Musika arloari dagokionez, Pianoko ikasketak Bilboko Kontserbatorioan egin zituen, eta Kantukoak Gasteizko eta Bilboko kontserbatorioetan.

Euskara irakaslea izan zen hamar urtez Deustuko Unibertsitateko Euskal Irakaslegoan eta Heziketa Fisikoa irakatsi zuen hiu urtez EHUn, Gasteizko Irakasle-Eskolan. Lan hari utzi eta azken urteotan idaztetik bizi da. Osagarri gisa bere bidaia nahiz liburuei buruzko hitzaldiak ematen ditu eta opera kantatzen du. Bilboko eta Iruñeko opera koruetan kantatzen du, eta bakarlari gisa ere aritzen da.

1991n argitaratu zuen lehen liburua, Hakuna matata. Geroago, Basauriko euskararen gaineko ikerkuntza kaleratu zuen. Eleberri beltza, bidaia-literatura eta umorea jorratu izan ditu batez ere, 20 liburutik gora ditu argitaratuak eta horietatiko asko beste hizkuntzetara itzuli dituzte (gehienbat gaztelerara).

Azken obra esanguratsuenetako bat 7 kolore liburuaren berrargitalpen berezia da. 2010ean kaleratu zuen Erein argitaletxeak, hitza, musika eta irudia uztartuta: atal bakoitzari koloreak eta marrazkiak erantsi zizkion Cristina Fernández ilustratzaileak eta Francisco Ibañez konpositoreak zazpi kanta sortu zituen piano eta ahotserako, interprete hauek dauzkatelarik: Iñaki Belasko pianojolea, Olatz Saitua sopranoa, Enrique Campos tenorea eta Jon Arretxe baxua.

Berari buruzko informazio gehiago:

BIP2019 KARTELA!


Kartela Patirke Belaza irakasleak egin du.

JOXAN ARTZE, XIX. IRAKURKETA PUBLIKOAREN ARTISTA OMENDUA

Joxan Artze


Usurbil (Gipuzkoa) 1939 - 2018

Bertze hainbat euskal artistarekin batera (Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes Iriondo...)
Ez dok amairu taldea sortu zuen. Aunitz euskal musikarik bere poemak musikatu dituzte; nolaz eta: Txoria txori,  Gure bazterrak, Martxa baten lehen notak (Mikel Laboak musikatuak), Txori txikia nintzelarik (Benito Lertxundik musikatua).

Horietaz gain, hainbat poema liburu idatzi eta argitaratu ditu. Bere lanetan euskararekiko eta euskal izaerarekiko kezka erakusten du; bizitzari eta heriotzari buruz hausnartzen du. Egiaz, edertasunaz, zintzotasunaz... hitz egiten digu.

Poesian molde berriak plazaratu zituen. Hitzek paperean hartzen duten irudiak ere bere mezuaren parte izan daitezke.

Bere anaia Jesusekin batera, ia desagerturik zegoen txalaparta berriz ere ezagutzera eman zuen. Artze anaiak honekin hasi zirenean txalaparta Gipuzkoako baserri pare batean baizik ez zen ezagutzen. Gaur egun, ordea, haiei esker musika tresna hau Euskal Herri osoan ezagun bihurtu da.

Ez dok amairu-koekin Baga, biga, higa ikuskizuna sortu zuen. Beranduago, Mikel Laboarekin batera Ikimilikiliklik ikuskizuna ere prestatu zuen. Honetan musikak, argiak eta poemek arte lana osatzen zuten.

Poesia lanak:


   Isturitzetik Tolosan barru (Egilea editore, 1969)
   Laino guztien azpitik, José Luis Zumetaren laguntzarekin. (Egilea editore, 1973)
   Eta sasi guztien gainetik, José Luis Zumetaren laguntzarekin. (Egilea editore, 1973)
   Bide bazterrean hi eta ni kantari (Egilea editore, 1979)
   Ortzia lorez, lurra izarrez (Elkar, 1987)
   Gizon handia da mundua, eta mundu ttikia gizona (Elkar, 1988)
   Mundua gizonarentzat eginda da, baina ez gizona munduarentzat (Zubi-Zurubi, 1998)
   XX. mendeko poesia kaierak - Joxean Artze (Susa, 2000): Koldo Izagirreren edizioa
   Oihana auhenka (Jazzle, 2001): Disko liburu kolektiboa
   Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar, 2013)
Heriotzaren ataria dugu bizitza (Elkar, 2013).

BIP2018 KARTELA!


Kartela Patirke Belaza irakasleak egin du.